Tekniken bilduma app for iPhone and iPad
Developer: Urtxintxa aisialdiko eskola (Gipuzkoa)
First release : 22 Nov 2017
App size: 34.87 Mb
Aisialdiko begirale edo animatzaile soziokultural gisa lan egiten dugunok, era askotako jolasak eta dinamikak erabiltzen ditugu jendearen parte hartzea bultzatzeko, parte hartzaile guztiak pertsona integratuak izan daitezen eta hala senti daitezen helburu hartuta; orohar landu nahi ditugun gaiak ulerterrazagoak egiteko erabiltzen ditugu, edota jarrera kritikoak sustatzeko, esaterako.
APP honetan, gure zeregin horretan baliagarri gerta dakizkigukeen dinamika batzuk aurkeztuko ditugu. Hastapenetan, esperientzia falta dugunean, galduta senti gaitezke: teknika gutxi ezagutzen ditugu eta ez dakigu ondo zer egoeratan edo zer talde motarekin erabil daitezkeen ezagutzen ditugun teknika-dinamika gutxi horiek. Denborarekin, arazo hori desagertu egiten da, bai, baina gerta liteke, ohituraren poderioz, teknika edo baliabide horiek modu mekanikoan erabiltzen hastea, edota bi edo hiru tresna baino ez erabiltzea eguneroko jardunean.
Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaigu honelako material bat beti eskura izatea: noizean behin gure errepertorioa berritzeko, ideia berriak hartzeko, edota gure lanarekiko eta gure lanaren xede diren pertsonekiko motibazio eta maitasun handiagoko jarrera aktibo bat mantentzeko.
Badakigu helburu bera duten liburu asko daudela argitaratuta, eta antzeko dinamikak eta jolasak biltzen dituzten era guztietako web orriak egon badaudela. Baina, euskaraz idatzita dagoen materiala aurkitzea ez da erraza. Horregatik bilduma hau sortzera animatu gara, euskaratik eta guztiok euskaran lan egiten jarraitu ahal izan dezagun. Hau da, Pixkana-pixkana, gure bibliografia, kopuruz zein kalitatez, handituz joan dadin.
App hau behar bezala erabiltzeko, kontuan hartu beharra dago ez dela gida hutsa, edozein egoeratan edo edozein taldetan aplikatzeko moduko formula. Garrantzitsua da hezitzaileak edo dinamizatzaileak dinamika edo jolas bakoitza dagokion errealitatera egokitzen jakitea, garbi edukitzea teknika jakin bat erabiltzeak ez duela zertan helburua arrakastaz beteko denik esan nahi. Teknika hauek ez dira, besterik gabe, helburu gisa erabili behar, bitarteko moduan baizik.
Hezitzaileak garbi izan behar du bere egitekoa ―talde baten gidaritza― zeregin konplexu zein garrantzitsua dela, bere jarduerak gogoeta eta azterketa sakonen emaitza izan behar baitu. Pertsona talde baten arduradun eta buru gisa, honako zeregin hauek ditu hezitzaileak: jokabide jarraibideak ezartzea, parte hartzaileak motibatzea, guztiekin harreman positiboak izatea, konfiantza eta espontaneotasun giro bat sortzea, parte hartzaileen bilakaera arretaz jarraitzea, parte hartzea eta lankidetza erraztea…
Dinamika hauek erabilera errazte aldera hainbat multzotan sailkatu ditugu, proposatutako jolasek erabilgarritasun eta zentzu handiagoa noiz izan dezaketen kontuan hartuta.
Jarraian aurkezten ditugun jolas guztietan badira atal komun batzuk, jolasa zertan datzan eta nola garatu behar den errazago ulertzen laguntzeko.
- HELBURUAK: jardueraren berezko xedea eta bertan garatzen diren gaitasun garrantzitsuenak.
- PARTE HARTZAILEAK: jarduera bakoitzerako gomendatzen den partaide kopurua.
- GARAPENA: jarduera antolatzeko eta aurrera eramateko modua eta bete beharreko arauak.
- ANTOLAKETA: jarduera antolatzen duen pertsonak prozesuarekin nola jarraitu jakiteko jarraibideak.
- JOLAS EREMUA: jarduerarako tokiak bete beharreko ezaugarriak.Zer-nolako tokitan egitea gomendatzen den.
- DENBORA: jarduerak izan dezakeen iraupenaren gutxi gorabeherako kalkulu bat.
- MATERIALA: jarduera aurrera eramateko behar diren tresnak.
- ALDAERAK: jarduera aurrera eramateko beste aukera batzuk.
- GOMENDIOAK: jardueraren dinamizatzaileari zuzendutako oharrak.
- EBALUAZIOA: lan taldearen bilakaera espero zena ote den jakiteko, koordinatzaileak edo dinamizatzaileak aintzat hartu beharreko jarraibideak.
Esku artean duzun material hau baliagarria eta zure gustukoa izatea espero dugu.